Elkarrizketa – Jexux Mari Arrieta

“Euskal udaleku”tako arduradunetako bat den Jexux Mari Arrietari elkarrizketa.
Gipuzkoako Ikastolen Elkarteak antolatzen dituen udalekuaz, ihardun genuen aurreko batean; Iratxen eta Agurainen antolatzen dituenetaz, alegia. Federazioak bakarrik ez ditu, ordea, euskal udalekuak moldatzen. Abaigar, Antzin, Beire eta Bernedo herrietan eratzen duenik ere bada, noski.
Jexux Mari- Arrieta dugu udaleku hauetako arduradunetako bat.
Historia-zalea zaitugunez has gaitezen haseratik, Jexux Mari.
Euskal Herriari eskaintzen zaion lan isil eta baliotsu hau, orain dela hamarren bat urte jaio zen eta «Euskal Udalekuak» izenaz bataiatu zen.
Gauza, pixkatik hasi zen. Ozaetako jauregi zahar batetan. Hor lo egin omen zuen Loiolako Iñigok Arantzazutik Manresara zihoala. Berrogei mutiko eta bost begiralek osatu zuten lehen talde hura. Zenbait eragozpen eta istilu garaitu ondoan, aurrera jo zen. Esperientzia aberatsa gertatu zen. Ozaetako jauregi hura utzirik, Saturraranen zabaldu genuen udaleku berria.
Sorreraz mintzatu zara, baina aldez aurretik asmorik ez baldin bada, ez da ezer sortzen.
Euskal Udalekuak antolatzeko asmoa ikastolako zenbaitengandik sortu zen. Haurrek, ikasturtearen buruan ikasten zuten euskara, udako oporretan asko galtzen zuten, zoritxarrez. Horretaz kezkaturik ziren ikastolek, Batzorde bat bildu zuten, eta Arabako Barrian antolatu zuten udalekua.
Zuek ez dituzue ikastoletako haurrak bakarrik hartzen.
Garai hartan, haur ttikiak bakarrik ibiltzen ziren ikastolan. Eskotarako adinera iritsitakoan, erdal eskolara joaten ziren. Euskal gehienak, beraz, erdal eskoletan ziren orduan. Ikastoletakoek halako premia baldin bazuten, are eta haundiagoa zuten erdal eskoletakoek. Erdal eskoletakoak ere hartu ziren, beraz, Saturraranen. 1969. urtea zen, oso oker ez banago. Ikastolen Elkarte Batza ere orduantxe sortu zen. Ikastoletakoak ez ziren haurren ardura ezin zezakeela har, erantzun zigun Elkarte Batzak, elkarrizketa askoren ondoan.
Berrogei haurrekin Ozaetan hasi zineten.
Nafarroako Beiren, klaretianoek duten ikastetxe zaharrean, antolatu genuen bigarrena. Saturraranen eta Beiren, berar. 1970.urtea zen. Geroztik asko indartu eta ugaldu dira euskal udalekuak. Abaigar, Antzin, Beire eta Bernedo herrietan ditugu gaur egun. 1.300 haur bilduko dira leku hoietara aurten. Gipuzkoatik gehienak, baina Bizkaitik, Arabatik, Nafarroatik eta Lapurditik ere badatoz.
Honelako lan neketsu bat helbururik gabe ezin daiteke egin.
Baldintza bakarra jartzen zaie udaleku hauetara joan nahi duten haurrei: euskaraz mintzatzen jakin dezatela. Hortik jakin daiteke zein helburu duten: haur euskaldunari bere euskal izate eta nortasuna lantzeko aukera egoki bat eman, haurraren izatera eta egoera ahaztu gabe. E.G.B.ko maila guztietako haurrak hartzen dira udaleku hauetan. Uztail-abuztuan hiru txandatan egiten dira. Zoritxarrez, nahi duten guztientzat lekurik gabe geratzen gara.
Helburua garbi geratu da, baina helburua iristeko helbideak behar dira,
Gure egitamuak antolatzean, oso gogoan dugu haurraren adina eta egoera. 7-8 urtetako haurrentzat eta 13-74 urtetakoentzat ezin da berdin antolatu udalekua, ez jolas aldetik ez kultur aldetik. Baina helburu hori betetzeko bidea denei ematen diegu.
Jolas, kanta, ipuin, antzerki, zinema eta etxeko apainketa berezi eta egokitu baten bidez saiatzen gara haurrak bere euskal nortasuna lant dezan. Euskal udalekuan lanean aritzen diren guztiak (hutsean egiten dute lan, deus ere jaso gabe) euskaldunak dira eta euskaraz ahalik eta ongien egin behar dute. Euskal giro bat sortzen da horrela.
Giro honetan, haurraren izaera ere aberasten saiatzen gara, pedagogi-bide egokiak bilatuz: haurrak talde giroa onar dezan, haurrak bere irudimena ager dezan, bere iaiotasuna eta ahalmenak osa ditzan. Guzti hori jolas giroan, alaitasun giroan batez ere. Baina zenbait aldiz saio seriorik egiten ez denik ez du esan nahi honek, zenbait kultur gai ematerakoan batipat. Lan serio hori laburra eta noizean behin egina den arren, aski gogaikarri gerta dakioke haurren bati, udan jolas hutsa maiteago bait du.
Kultur bide honi jarraiki, udalekuan bizi duten ingurua ere ezagutarazten zaie: inguruetako geografia, ondasunak, jendea, lanak, tresneria, edertasunak… Eta fitxen bidez nahiz diapositiben bidez, Euskal Herri osoaren berri ematen zaie. Honela bete ohi dugu geure helburua.
Lan haundia benetan. Laguntzarik eta langilerik ba ahal duzue?
Lana haundia da, bai. Baina lankide asko biltzen gara horretarako. Direla begiraleak, direla sukaldari eta gainontzeko langileak. Erakunde ofizialetatik ez dugu laguntzarik ia jaso. Pertsona batek baino gehiagok lagundu digu, ordea, bere diruaz, materialaz eta lanaz. Etxe txukuntzeak, esate baterako,«hauzo lanean» egin ohi dira. Bihoakie guztiei eskerrik beroena Euskal Udalekuen izenean.
Gure ustez eta gogoz, Euskal Herriari eta, bereziki, euskal haurrei zerbitzu bat eskaini nahi diegu, gure Herria goratzeko eta aberasteko saiaketa honetan.