(15 egun) 80 plaza
Uztailaren 2tik 16ra
02-03-04an jaioak
255€
(15 egun) 80 plaza
Uztailaren 16tik 30era
05-06an jaioak
255€
(15 egun) 80 plaza
Uztailaren 30etik Abuztuaren 13ra
07 – 08an jaoiak
225€
KAIXO, LAGUN!!
Abaigarko udalekuko kideok laguntza eske gatoz. Gure euskal udalekuak euskarazko aisialdia eskaintzen du 70eko hamarkadatik, Lizarrerrian, Abaigarko herrixkan. Azken urteotan, hala ere, nahikoa buruhauste izan ditugu.
Abaigarko Udalak 2016an eskatu zigun udalekuetarako erabiltzen dugun etxeak segurtasun neurri batzuk bete zitzala: larrialdietarako irteera egokitzea, suteen kontrako baldintzak betetzea, irisgarritasuna bermatzea… Abaigarko udalekuek etorkizuna izan dezaten, baldintza horiek bete behar ditugu nahitaez, eta horretarako, obra handi batean sartu berri gara.
Azken hiru urteotan, batetik bestera ibili gara udalekuak antolatzen: 2016an, udaleku ibiltariak antolatu genituen, eta Urdirotzen ere izan ginen tarte batez; 2017an, atsekabe handiz, udalekuak ez egitea eta proiektuari beste ikuspuntu batetik heltzea erabaki genuen; eta aurtengo udan, berriz, Ozaetan izan gara.
Baina datorren urtean, etxera bueltatuko gara! Udalekuak Abaigarren egingo ditugu berriro!
Urri hasieran ekin diegu egokitze lanei. Obra egiteko aurrekontua 300.000€-koa da, eta, gastu horri aurre egiteko 100.000€ aurreztuta ditugun arren, gainerako zatia ordaintzeko laguntza behar dugu.
Finantzaketa Koop57 erakundearen bidez egingo dugu. Mailegua lortzeko, ordea, jasoko dugun kopuru berbera norbanakoek bermatzea lortu behar dugu. Bi arrazoirengatik erabaki dugu mailegua Koop57rekin bideratzea: batetik, pentsatu dugulako horrek udalekuen proiektuarekin dugun konpromisoa indartzeko balio dezakeela, eta bestetik, Koop57 eraldaketa sozial eta solidariorako inplikazioa duen entitatea delako eta ohiko banketxeek izan ohi ez dituzten balioak lantzen dituelako.
Abal mankomunatuen bidez, Koop57k bermetan jaso dugun kopuruaren finantzaketa emango dio gure udalekuari, Pitxilore aisialdi elkarteari, Abaigarko etxearen egokitze lanak egiteko. Abal emaileak ez du dirua fisikoki jarri behar; horren ordez, agiri bat sinatu behar du, Pitxilorek mailegua ordaintzeari utziko balio abalatu duen kopurua jarriko lukeela esanez. Mailegua amortizatzen goazen heinean, abal emailearen erantzukizuna ere proportzionalki joango da murrizten.
Hala ere, kasurik okerrenean Pitxilorek mailegua ordaintzeko dirurik aterako ez balu, gure gain hartuko genuke erantzukizuna, abal emaileek ordaindu beharrik izan ez dezaten; hala, beharrezkoa balitz, etxea saltzeko prest geundeke zorra kitatzeko. Pitxilore aisialdi elkartean gabiltzanok argi dugu proiektuak aurrera egitea nahi dugula, eta konpromisoa hartua dugu abala eman digutenekin. Beraz, geure esku dagoen guztia egingo dugu muturreko egoera horretara ez iristeko.
Norberaren aukeren araberako abalak jarriko ditugu, hiru mailatan banatuta: 1.000, 2.500 eta 5.000 eurokoak. Nahikoa da inprimaki hau betetzea, sinatzea eta NANaren fotokopia batekin batera bidaltzea helbide honetara:
PITXILORE AISIALDI ELKARTEA
FLORIDA 137 B
20120 Hernani – Gipuzkoa-
Gaiaren inguruan xehetasun gehiago emateko, urriaren 19an bilduko gara Hernaniko Biteri kultur etxean, arratsaldeko 7etan. Bilera ireki horretan, Koop57 erakundeko kide bat ere izango dugu gurekin, maileguaren inguruko argibideak emateko.
Horrez gain, e-posta bidez ere zalantzak argitzeko prest gaude; beraz, nahi izanez gero, jarri gurekin harremanetan abaigarudalekuak@gmail.com helbidean.
Mesedez, gaiaren inguruan interesa izan lezakeen inor ezagutzen baduzu, asko eskertuko dizugu mezu hau zabaltzen laguntzea.
Agur bero bat eta laster arte!!
Abaigarren, 2018ko urriaren 9an
1970eko hamarkadatik Nafarroako ingurune paregabeaz gozatzeko aukera izan dugu Abaigarko udalekuan, gertuko herriak bisitatuz eta mendi irteerak eginez. Lizarratik 14 kilometrora dagoen herri lasai honetatik ume eta gazte asko igaro dira, eta aukera izan dute bertako giro euskaldun, alai eta parekidean murgiltzeko.
Gure udalekuetara etorri nahi duten neska-mutilek bi baldintza bete behar dituzte: euskaraz jakitea eta euskaraz bizi nahi izatea.
- Gazteei euskal giroan bizitzeko aukera ematea.
- Berdintasuna eta hezkidetza lantzea
- Gazteen sormena, interesa eta parte-hartzea bultzatzea.
- Elkarbizitzarako arauak ezagutaraztea eta talde-giroa lantzea.
- Parte-hartzaileek eztabaidan eta elkarrizketan oinarritutako erabakiak hartzen ikastea.
- Gazteen beharrak kontuan hartuko dituzten jarduerak eskaintzea.
- Nork bere nortasuna eta autonomia garatzeko aukera izatea.
Etxeak 110 pertsonarentzako azpiegitura trinkoa du: bost logela, jantokia, sukaldea eta komunak eta zelai txiki bat etxearen albo batean. Gainera, herriko pilotalekuaz, kirol zelaiaz, igerilekuaz eta errekaz gozatzeko aukera dago egunero.