Goñi
Euskal herri osotik heldutako piratok mila abentura bizitzeko atea zabaltzen dugu urtero Goñiko Dorrekoan. Urte osoan udalekuetako hiru txandak prestatzeko egindako lanak bere fruituak ematen ditu Nafarroako bailara honetan bizi diren animalia, izaki mitologiko, pirata ausart eta gainerako lagunen ekarpenaz.
Goñiko Euskal Udalekuan aritzen garen hezitzaileok modu boluntarioan aritzen gara lanean, guk hala erabakita, jendartean jarduteko eta gure ekarpena egiteko modu hori bertaratzen diren haur eta gazteei ere erakutsi nahirik.
Txanda bakoitzeko haur eta gazteen adin tartea ezberdina denez egonaldi bakoitzaren antolakuntza eta prestaketa ere hainbat taldek egiten dugu, modu ezberdinean: gure esperientzietatik abiatzen gara eta daukagunetik onena ematen dugu. Txanden artean baina, elkarri laguntzen ere aritzen gara, Goñi osatzen duten balioetan gure buruak trebatzen, elkarri entzuten eta elkarrengandik ikasten.
Gure irudimenean eraikitako pirata ontzi honetan izar ezberdinei jarraitzen diegu gau ilunetan, eta hala hasten dugu gure ametsak abordatzeko bidaia:
Auzolana eta talde izaera
Haizeak bere airera maneiatuko gintuzke udalekuetako kide guztiok auzolanean arituko ez bagina. Guztiok dugu zer eskainia Goñin eta arreta berezia jartzen diogu balio hori lantzeari. Adibide esanguratsuak izan litezke udalekuetako ekintzak antolatzerakoan haurrekin egiten ditugun asanbladak, edo baita urtean zehar etxean behar diren konponketa lanak egiteko Goñin pasatzen ditugun asteburuak ere. Ahal dugunetik, elkarri entzunda eta nork berea emanda, denok batera egiten dugu arraun udalekuetan. Mila zapiren koloreek eskifaia bakarra osatzen dute hemen!
Feminismoa
Izar more honi jarraika jarri genuen ontzia aspaldi. Belak zabaldu, arraunak atera, eta lemari gogor eutsita bide honetan aurrera jarraitu nahi dugu. Goñiko hezitzaileok feminismoan trebatzen saiatzen gara eta beti izango dugun arren zer ikasia, bide honetara batu dadin gonbidatzen dugu udalekuetan Goñiko Dorrekoako teilatupera datorren pertsona oro. Ez dugu ez erasorik ez jarrera sexistarik onartzen, aldiz, pertsonen arteko aniztasuna aldarrikatzen dugu, gure buruak errespetatzen eta gure gorputzak maitatzen ikasten dugu Goñin.
Euskara
Goñiko Euskal Udalekua euskararen arnasgunea da eta hala, gure arnasa hizkuntza horrek jantzi dezan saiatzen gara. Erritmo ezberdinak ulertu eta errespetatuz, saiakerak zainduz eta bultzatuz, euskarak bizi gaitu. Ohar gaitezen euskara dela Euskal Herriko haur guztiak batzen dituen hizkuntza bakarra, euskara da, beraz, abentura honetan lagun berriak egiteko tresna aberasgarriena.
Natura
Bizi garen ingurua ezagutzea da, hori balioan jarri eta errespetatu eta zaintzera eramango gaituen lehenengo urratsa. Etxeaz bezainbat gozatzen dugu Goñin bertako zuhaitz eta zelaiez. Lurra, zura, harria… Denak du bere tokia gure bidean. Gaur egungo haur eta gazteak, baita helduagook ere, tamalez, gure ingurune naturaletik aldendu xamar gabiltza azken urteotan. Herri eta hirietako martxak eta teknologia berriek gure etxeetatik bi pausutara dugun mundu zoragarri hori ahaztera eraman gaituzte. Goñin, gure aisialdirako eredu alternatibo bat eskaini nahi dugunez, asko eskertzen dugu telefono mugikorrentzako estaldurarik ere ez egotea.
Boga ababorrera! Gure udalekuan ez dugu sekula jolaserako, sormenerako, elkarrengandik ikasteko nahiz goxo-goxo irudimenezko mundu ezberdinetan murgiltzeko aukerarik galtzen. Hezitzaileok ez dugu sekula ahazten behinola gu ere udalekuetan izan ginela, gure beldur, kezka eta urduritasunekin, eta ondorioz, irribarrez eta beso zabalik hartzen ditugu orain gure artera datozenak.