Udalekuak
UDA BETE ABENTURA, EUSKARAZ, ZURE ESKURA!
Udan ere euskaraz bizi nahi duenak horretarako aukera ezin hobea du EUSKAL UDALEKUETAN.
40 urte baino gehiago pasa dira euskara hutsezko udalekuak antolatzen hasi ginenetik, eta gaur egun ere hasiera hartako asmo eta ilusio berberak ditugu Abaigar, Goñi eta Bernedoko Euskal Udalekuetan gabiltzan hezitzaileok.
Lan boluntarioa eginez, Euskal Herri osotik gure artera datozen ume eta gazteei udan ere euskaraz bizitzeko eta gozatzeko aukera eskaintzen diegu.
BIZI EZAZU UDA EUSKARATIK ETA EUSKARAZ!
ZATOZ EUSKAL UDALEKUETARA!
Oharrak:
- Euskal Udalekuetan euskara hutsean bizi gara! Beraz, ez ezazue euskaraz ez dakien ume edo gazterik bidali!
- Izen-ematea, martxoaren 5etik aurrera.
Izen-ematea egiteko, gure webgunean (www.udalekuak.eus) dagoen fitxa bete beharko duzue. Gehienez, 3 haurren/gazteren eskaerak onartuko dira eta, asko jota, taldeak 3koak izango dira. Mesedez, ez ezazue izen-ematea errepikatu. Batetik, zuon umeek/gazteek ez dutelako parte hartzeko aukera gehiago izango; eta, bestetik, horrek bulegoko lana ikaragarri zailtzen duelako. - Izen-ematea egin aurretik, ondo begiratu zein den umeari/gazteari dagokion txanda. Aukera gehiago egoten da abuztuko txandetan.
- Txandak guztiz bete arte zabalik egongo da izen-emate epea. Apirilaren 5etik aurrera, plaza baino eskaera gehiago dauden txandetan aukeraketa egingo da. Aukeraketa ez dugu zozketa bidez egiten. Hainbat irizpide hartzen ditugu kontuan: parekidetasuna, ahalik eta herri gehienetako jendearen parte-hartzea etab.
- Apirilaren 19an jakinaraziko zaizue zuen umea/gaztea aukeratu dugun ala ez. Web orrian aukeratu eta ez aukeratu zerrendak egongo dira. Izen ematearen identifikazio zenbakia erabili beharko da, izen ematea egitean eta bueltako emailean agertzen da. Aukeratuei informazio gehiago emailez bidaliko zaie.
- Plaza kopuruek zein datek aldaketak izan ditzakete momentuko egoeraren arabea.